|
Didgeridoo izeneko musika tresna, Australiako aborigenen instrumentu tipikoa eta termitek hustutako eukalipto adarrekin egiten dena, jotzen du Iban Nikolai (1977) gazte oiartzuarrak. Londresera eginiko bidaia batean ezagutu zuen musika tresna, eta hamabost bat irakasleren eskolak jaso ditu, bai Europan, bai Australian. Didgeridooarekin egindako lanetatik bizi da, eskolak ematen eta musikari moduan. Hiru disko kaleratu ditu: Yurlunggur, Didgeridoo live eta Didjeridu Hotsak. Besteak beste, Zea Mays, Bryganthia eta Xabi San Sebastianen diskoetan kolaboratu du. Samar eta Trocolo Stylers taldeko kide ere bada. Eñaut Mitxelena
Jendea harritzen al da didgeridooaren soinua entzutean? Bai. Jendeari kuriosoa iruditzen zaio. Erreakzio ohikoena da harrimena. Jo, eta ondoren azalpenak eman, hala egiten dut. Hasieran zer kostatu zitzaizun gehiago: instrumentua ala irakaslea lortzea? Irakaslea lortzea. Lehenengo bi urteetan autodidakta izan nintzen. Gaur egun arnasketa zirkularra irakasten dut, horixe delako didgeridooan erabiltzen den teknika. Nik hori egin gabe eman nuen urtebete eta erdi, eta Londresera ikastera joan nintzen. Gaur egun, hemen, hilabete batean irakasten dut teknika hori. Naturako soinu guztiak batzen omen ditu didgeridooak. Emaitza ez al da ilun samarra? Pixka bat mitoa da esaten dena. Agian, lehenengoz entzunda, eta kanpotik entzunda, pentsa dezakezu pixka bat goibela izango dela, baina organikoki niri iruditzen zait kristoren aberastasuna duela. Hain espirituala dirudien instrumentuak balio al du dantzarako? Bai! Didgeridooa ez da espirituala; perkusio instrumentu bat da. Erritmoak egiteko, dantza egiteko, erlaxatzeko ere balio dezake. Oso dantzagarria da! 2003an aborigenen artean bizi izan zinen hiru astez, familiako bat bazina bezala. Zer-nolako egoera bizi dute? Hiru astez egon nintzen, eta semetzat hartu ninduten. Asko ez nuen ikusi egia esan, baina bai ikusi nuela familia horren egoera, eta nahiko egoera kaskarrean bizi dira. Nahiko zanpatuak daude, oso kultura jipoitua da, egur asko jaso du. Baina eusten diete ohiturei. Kalean jotzeari ez diozu uko egin... Ez, ez. Alde batetik, gustatzen zaidalako eta kalean didgeridooa ezagutarazten dudalako. Bestetik, behar delako, ekonomia aldetik bere garrantzia du. Eta jendea erakartzen du, asko. Musu-gitarra ere jotzen duzu. Musika tresna arruntek ez zaituzte erakartzen? Badirudi ezetz! Euskal taldeen kolaboratzaile exotikoa al zara? Ez dakit exotikoa; kolaboratzaile bat. Jendeari asko gustatzen zaio, baina ez dut uste exotikoa naizenik. Pagoarekin edo haritzarekin egin al daitezke didgeridooak? Termitak hemen ez dira Australian bezain langileak, baina bai, egin daitezke, noski. Nire ikasle askok bere didgeridooa egiten dute. Oraintxe batek egin du pagoarekin. Edozein materialekin egin daitezke, baina soinu aldetik desberdintasunak daude. Material bakoitzak bere soinu propioa dauka...
Argia
|